Tokiko Agenda 21

 

Gatikako Udalak ingurumenaren babesa eta errespetuarekin bateragarria den garapen ekonomiko eta sozial baterantz abiatzeko konpromezua hartu du.

Helburu hau lortzeko, Gatika Udalsarea 21 sarera (Iraunkortasunerako Udalerrien Euskal Sarea) sartu zen 2003an. Udalsarea 21ak honako eginkizuna jarri dio bere buruari: "Tokiko Agenda 21eko Ekintza Planak eraginkortasunez ezarraraztea, eta udal kudeaketaren arlo guztietan Aalborgeko konpromisoekin bat datozen iraunkortasun irizpideak txertatzea, EAEko udalerriek garapen iraunkorreko politiketan duten rola eta euskal gizartearen inplikazioa sustatzeko."

Zer da Tokiko Agenda 21?

Tokiko Agenda 21 herriek eta hiriek garapen iraunkorrarekin duten konpromisoa da; programa unibertsal horren helburua aurrerapena eta ingurumenarekiko errespetua bateragarriak bihurtzea da.

Prozesu luzearen ondoren, 1992an Rio de Janeiron egin zen Lurraren Gailurrean, ia 200 herrialdek  Agenda 21 izeneko akordio historikoa sinatu zuten, iraunkortasuna lortzeko ekintza-plana hain zuzen ere. Hala ere, handik gutxira, hiriek protagonismoa hartu eta euren eremura eraman zuten. Horrela, 1994an Hiri eta Herri Iraunkorren Europako Konferentzia egin zen Danimarkako Aalborg hirian; konferentzia horretan, Aalborgeko Karta onartu zen, Tokiko Agenda 21en sorrera-agiria izango zena. Akordio horren garrantzia hain da handia, non Aalborgeko Kartak hiriko ingurumena erabat aldatu zuela esan baitaiteke. Izan ere, karta horrek eragin erabakigarria izan du estatu-politiketan, politika-programetan eta, are garrantzitsuagoa dena, tokiko komunitateak iratzarri eta iraunkortasunarekiko kontzientzia sortzerakoan.

2004ko ekainean, Aalborgeko Konferentzia +10 izenekoak Agenda Europan aplikatu ondorengo lehenengo hamarkadaren balantzea egin zuen, eta Etorkizuna Eraikiz izeneko beste agiri bat onartu zuen. Agiri horrek iraunkortasunaren kudeaketa publikoaren etorkizuna zehaztuko du datozen urteetan. Lortu nahi dituen 21 helburuak, seguru aski, arlo honetan udalerriek zehaztu duten jarduera-esparrurik argiena eta asmo handikoena dira.

Horrez gain, Tokiko Agenda 21 kudeaketa publikoan berrikuntza sustatzeko bide-erakusle bikaina da. Izan ere, Agenda aplikatzeko gizarte-arloko akordioak bilatu behar dira, baita prozesuak arrazionalizatu, kalitate-irizpideak ezarri eta zerbitzuak emateko estandar berriak eskaini ere.

21 helburuak

2004ko ekainaren 11n, Aalborgeko Konferentzia +10 izenekoak Tokiko Agenda 21ari buruzko agiri garrantzitsu bat onartu zuen, Etorkizuna Eraikiz. Agiriaren helburuak 21 puntutan labur daitezke:

1. Tokiko erabakiak hartzeko prozesuan demokrazia partizipatiboa sustatzea.

2. Alboko udalerriekin eta beste administrazio publikoekin modu eraginkorrean elkarlanean aritzea.

3. Iraunkortasuna hiri mailako erabakien eta baliabide-esleipenaren ardatz nagusia izango dela bermatzea.

4. Lehen mailako energiaren kontsumoa murriztea, energia berriztagarriak sustatzea eta energiaren eraginkortasuna hobetzea.

5. Uraren kalitatea hobetzea eta erabilera eraginkorragoa sustatzea.

6. Biodibertsitatea sustatzea, babestutako eremuak eta berdeguneak zaintzea eta hedatzea.

7. Lurzoruaren kalitatea hobetzea, nekazaritza eta basogintza ekologikoak bultzatzea.

8. Airearen kalitatea hobetzea.

9. Gehiegizko kontsumoa murriztea, birziklapena areagotzea, ekoetiketak dituzten produktuak eta bidezko merkataritzakoak sustatzea.

10. Narriatutako eremuak leheneratzea eta desegituratutako hiri-garapenak saihestea.

11. Hiriko kultura-ondarea kontserbatzeko, berritzeko eta aintzat hartzeko neurriak hartzea.

12. Bioarkitektura sustatzea.

13. Garraiobide publikoaren erabilera sustatzea eta mugikortasun-hautabideak ezartzea.

14. Hiri osasuntsuak lortzeko garapen-planak bultzatzea.

15. Desberdintasunak eta baztertzeak murriztea.

16. Jarrera ekintzailea, praktika korporatibo onak eta negozio pribatuetako iraunkortasuna sustatzea.

17. Kalitate oneko eta gizarteratutako etxebizitzak eta bizi-baldintzak lortzea.

18. Tokiko turismo iraunkorra bultzatzea.

19. Txirotasuna saihesten eta arintzen duten programak garatzea.

20. Klima-aldaketaren iturburuei eta ondorioei buruzko kontzientzia piztea.

21. Herri eta hirien arteko nazioarteko lankidetza indartzea.

 

Tokiko Ekintza Planaren ebaluaketa

 

Gatikako Tokiko Agenda 21 Plana aldizka ebaluau egiten da eta iraunkortasun adierazleak kalkuletan direz Udalsarea21ek koordinautako programen bidez.

Honeek direz azken programako emaitzak:

 

Loturak